XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

V.- IV. titulua kirol-lehiaketei buruzkoa da, eta lehiaketen sailkapen koherentea egin du kirolaren lehiaketa-eremuak kontuan hartuta.

Testuak, halaber, garrantzi handiko ezaugarri bat jaso du: baimen-motek izan behar duten izaera arautu esplizitua eta baimen horien gutxieneko edukia eta eraginak.

VI.- V. tituluak kirol-sistema guztien euskarrietako batez dihardu: eskola-kirolaz. Kirola garrantzitsua da eskolako ikasleen heziketa osorako, nortasunaren garapen harmonikorako eta baldintza fisiko eta prestakuntza egokiak lortzeko, gerora begira ere kirola egiten jarraitu ahal izan dadin.

Hori da legeak kontuan hartu duena eta ez du aldaketa handirik ekarri.

Eskola-kirola arautzen duen kapitulua legearen beste titulu batzuetan eskola-kirolaz bildu diren aurreikuspenekin osatu da.

Arreta berezia eskaini zaio, halaber, unibertsitate-kirolari, unibertsitatearen autonomia errespetatuta beti ere.

Kirola gizarteratzeko edozein prozesutan ezin dugu unibertsitatea alde batera utzi. Kirol eta gizarte garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko, kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria baitauka bere baitan.

VII.- Kirol-teknikarien prestakuntzaren eta titulazioen gaia da legearen kezkarik nagusienetako bat.

Jarraibide asko diseinatu dira arlo horretan: batetik, legezko babesa eman zaio kirol-teknikari tituludunak izan beharrari, irakasteko, zuzentzeko eta bestelako jarduerak burutzeko; bestetik, bertan behera utzita dagoen kirol-teknikarien prestakuntzaren gaian sakondu da eta Kirolaren Euskal Eskola sortzea jaso da.

VIII.- VII. tituluan kirolarien asistentziaren eta babesaren arazoaz dihardu legeak.

Titulu horretan nabarmentzekoa da kirolarien segurtasunaren eta osasunaren babes orokorra, edozein jarduera burutzen dutela ere.

Horrekin batera, oinarrizko euskarriak dira arriskuen estaldura eta erantzukizun zibilaren sistema.

Goi-mailako kirolak leku berezia dauka legean, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenerako; eta funtsezko faktorea da bizigarria delako oinarriko kirolarentzat eta ordezkaritza-funtzioa betetzen duelako Estatuko nahiz nazioarteko lehiaketetan.

Legeak kontuan hartu du dopatzearen gaia ere.

Agintari publikoek eta kirol-antolakundeek erantzukizun osagarriak dituztela abiapuntutzat hartuta, legeak kontuan hartu du dopatzearen arazoa diziplina-bidetik kanpo ere.